OKUPAZIO TAILERRA

Irudia

OKUPAZIO TAILERRA

Osteguna 13
19etan Kortxoenea Gaztetxean

Advertisements

“SISTIAGATARRAK” KONDENATURIK!

2010-eko Abuztuan etxe zein lan gabezian zeuden gazte batzuk Gesolnor higiezin-enpresaren jabetzan utzikerian zegoen Lezoko Kale Nagusiko “Sistiaga-enea” etxea okupatu genuen, oinarrizkoa den etxebizitza baten beharra asetzeko asmoz. Zortzi hilabete konponketa lanetan aritu ostean epaile batek gu bertatik kaleratzea agindu zuen, gutako hiruri usurpazio delitua inputatuz. Kalera joan behar izateaz gain aurreko Irailean izan genuen epaiketa eta bertatik ondorioztaturiko sententziak delitu horrekiko errudun gisa kondenatu gintuen. Orain, helegite prozesua igarota eta kasua Audientzia Probintzialak aztertu ostean, berretsi egin digute sententzia behin betikoz: 1200 euroko isuna edo bi hilabeteko kartzela zigorra (eta bi urteko epean lau hilabeteko aurrekari penalak).

Ohiko parametro juridikoetatik kanpo geratzen den sententziaren berrespena, beste antzeko okupazio kasuetan eman ez dena, urteak eta urteak abandonu arduragabeenean zegoen etxean sartu eta berau konpondu eta bizileku duin bat bilakatzearen hautuagatik soilik; ezin izan baitute, gure aldetik, etxea zein jabearekiko inongo kalterik antzeman, ez eta bizilagun zein herritarrekiko ere. Ezin izan baitute ukatu une oro izan dugun aurpegia eta hitza emateko ardura, ez eta akordio batera iristeko izandako borondatea. Ezin izan baitute gure erasokortasun edo indarkeriaren aitzakia baliatu, ez eta inongo agindu judizial desobeditu dugunik aipatu. Ezin izan baitituzte begiak itxi etxe honen abandonu eta utzikeria egoera nabarraren aurrean, ez eta higiezin enpresak bertan inongo proiekturik egiteko asmo eta aukerarik ez zuela ukatu. Ezin izan dutelako gutxietsi okupatzearen hautua egitera eraman gaituen egoera ekonomiko eta soziala.

Funtsean, ezin izan baitute beren jarrera eta eskaera desproportzionatuarekin bat zetorren inongo errealitate zantzurik antzeman. Eta horren gabezia, eredugarria eta baldintzatzailea izateko asmo bakarra duen mehatxupeko zigorrarekin estali behar izan dute.

Gainera datozkigun garaietan ekonomikoki itolarrian (langabezian edo gutxiengotik beherako soldatekin) gauden gazteoi egoera horretatik irteteko eta beste modu batera bizitzeko sortutako bideen aurrean, hara non oraindik ere itolarri handiagoko egoeran utzi nahi gaituen kapritxo juridiko zitala: “Dirua ala espetxea”, etxe huts eta abandonatuei bizia eta zainketa emateagatik. Nonbait honela sartuko zaigu buruan zer ez zaigun komeni. Nonbait honela ebatsiko digute, ez soilik ekintza, baizik eta asmo hutsa ere haien mendekuen beldurrez.

Gure partetik, lagundu gaituzten hurbilekoei eskerrak emanez eta esperientzi guzi honek ekarri dizkigun ikasketa aberasgarriak oso kontutan hartuz, ez ditugu salatu gabe utzi nahi azken boladan areagotu diren antzerako injustizien errepikapena: lehentasun ekonomiko eta interes pribatuen izenean diktatzen diren etxekaleratze, desalojo edo desjabetzak kasu, etxebizitzen zein lurren erabilpenaren balio sozial naiz pertsonala deuseztatzera daramatenak.

Eta ez dugu aipatu gabe utzi nahi, epaiak epai, gure bizitza etxe zein lur okupatuetan aurrera eramaten jarraitzen dugula, zilegitasunez. Gauza bat delako zer egiten diguten, eta bestea, zer egiten dugun egiten diguten horrekin.

Guzti honen harira, Ekainak 22rako (larunbata) deialdia zabaltzen dugu, Lezoko plazatik abiatuta 11:30etan burutuko den elkarretaratze eta salaketa ibiltarian parte hartzeko.

DELITUA ZUENA! OKUPAZIOA ZILEGI!

Karbonera etxe okupatuaren eta Ikatza Liburugunearen egoeraren berri

Karbonera Etxe Okupatutik eta bertan kokatzen den Ikatza Liburugunetik idazten dizuegu gure egoeraren berri emateko.  Berria hau da: Eraikinaren jabeekin hitzarmen bat sinatu dugu. Modu honetan, 2014ko apirilaren 30ean etxea utzi beharko dugu. Beraz, urte betez karbonera eta ikatza liburuguneak (espazio honetan behintzat) aurrera jarraituko dute. Egoera gazi gozo baten aurrean aurkitzen gara. Alde batetik, urte betez hemen jarraitzea eta epaiketa bat ekiditzea berri onak dira. Baina, egoera zela eta batere ados ez gauden kontratu bat onartzera “behartua”  ikusi dugu gure burua. Okupatzeak, behar edo proiektu desberdinak aurrera eramateaz gain, guretzat, kritika, diskurtso eta praktika orokor batzuekin bat egitea dakar. Hau da, jabetza pribatuaren eta kapitalaren gailentzeakin bat ez etortzea. Kontua da, askotan ideia orokorrak eta behar/egoera zehatzek talka egiten dutela eta hau da, momentu honetan, hartu dugun erabakia. Hala ere, okupazioaren beharra eta zilegitasun osoa aldarrikatu nahi dugu, bai eta esan ere, bizitzeak eta proiektu autogestionatu ezberdinak aurrera eramateak errekurtsoak eta boterea pilatzearen gainetik daudela. Gure independentzia nahiz autonomia osoa aldarrikatzen jarraituko dugu, kapitalari aurre eginez.

Bestalde, eskerrak eman, moduren batean edo bestean babestu eta lagundu gaituzuen guztioi!

Karbonera ta Ikatza bizirik! Gora okupazioa!

karbonerako bizilagunak eta Ikatza Liburugunea