[Putzuzulo Gaztetxea] BIDE BERRIAK URRATZERA GOAZ

Xakela Gaztetxe Asanbladako gazteok eta Putzuzulo gaztetxea garai erabakiorrean murgilduta gaude eta gutun honen bidez, herritarrei gure egoeraren eta asmoen berri eman nahi genieke. Ia hamar urtez erakutsi dugu autogestionatutako kulturak eta gizarte-antolakuntzak Zarautzen ondo funtzionatzen dutela. Aski demostratuta gelditu da herriari ekarpen kultural eta sozial handia egin diogula, geure burua antolatzeko gai bagarela eta denboran luze iraungo duen proiektu koloretsua osatu dugula.

Baina, froga ukaezin horiek edonork ikus ditzakeen arren, hainbat eragile eta erakunde ofizialen aurrean beti gure burua justifikatzen ibili behar izan dugu urteotan. Gure etorkizuna desegonkortu nahi izan dutenei, beti azalpenak ematen. Iritsi da, ordea, esplikazioak ematearen ematez gogaitu egin garen eguna. Beste behin ere Gaztetxearen balioa eta antolakuntza eredua zalantzan jartzea ez dugu onartuko. Kontu hori gaindituta dago. Orain, eztabaida beste bat da.

Salberdin eremuko hirigintza proiektuaren lehen mugimenduak gero eta hurbilago dauden honetan, azken negoziazioari ekiteko prest gaude. Eta guk, behintzat, argi daukagu helburua: izan dadila behin betiko toki finko bat edukitzeko. Eraikin iraunkorra gure proiektu sozio-kulturalarentzat. Horixe nahi dugu. Herriari egunero egindako ekarpenak toki segurua izan dezala, besterik ez. Hori dela-eta Udalari arduraz jokatzeko exijitzen diogu, ausardiaz. Eta herritarrei ere bai: aurrera begira, herrian luzerako izango den proiektua egituratzeko urratsak orain abiatuko dira, eta horrek guztion ardura eta konpromisoa eskatzen du.

Bederatzi urte beteko ditugu aurten Putzuzulon, denon amets fabrikan. Laster hasiko den urteurreneko egitarauan parte hartzeko eta gozatzeko deia ere egin nahi diegu herriko eragile eta norbanako guztiei, etorkizunerako bidea elkarrekin urratu nahi dugulako eta hasiko dugun prozesu hau inoiz baino bide parte-hartzaileagoa izatea gustatuko litzaigukelako.

Urte hauetan guztietan milaka laguni ametsak sortarazteko gai izan gara eta, gainera, horietako asko egia bihurtu dira dagoeneko. Baina, adi, beste makina bat ditugu-eta oraindik buruan! Amets horiei teilatu berria jarri behar diegunez, esnatu eta mugitzeko sasoia dela esan nahi dizuegu. Oraintxe da garaia. Hartu parte jarritako hitzorduetan eta urratu ditzagun bide berriak elkarrekin!

Zarauzko PUTZUZULO GAZTETXEAK 9 urte beteko ditu urriaren 30ean
Urte guzti hauetan, milaka zapata pare urratuz amets eder ugari konplitu ditugu. Orain arteko ibilbidea elkarrekin, zuek guztiokin, ospatu nahi dugulako, urteurreneko egitarauan parte hartzeko eta elkarrekin gozatzeko deia ozen zabaldu nahi dugu.
Baina ez hori bakarrik! Aurrera begira beste makina bat amets eta erronka berri ditugu buruan. Horregatik, ilusioz eta indarrez beterik, zapata zaharrak kendu eta BIDE BERRIAK URRATZERA GOAZ! Etorkizuneko bidea elkarrekin, zuek guztiokin, urratu nahi dugulako, erantzi ZUK ERE zapatila zaharrak, eta ZATOZ!!!
Oraintxe da garaia. Hartu parte jarritako hitzorduetan eta urratu ditzagun bide berriak elkarrekin!

https://i1.wp.com/www.putzuzulo.net/wp-content/uploads/2014/10/EGITARAUA_9urte_web.jpg

Advertisements