Donostiaren bihotzean okupaturiko etxea hutsarazi du Poliziak

Egun batzuk zeramatzaten hainbat gaztek hiriaren erdigunean dagoen etxebizitzan bizitzen, eta udaltzain eta ertzainek ilegalki eta era bortitzean atera dituzte gazteak barrutik.

Donostiako erdigunean dagoen Moraza kaleko lehen zenbakiko etxebizitza bat okupatu zuten hainbat gaztek duela egun batzuk, eta gaur egin dute publiko okupazioa. Beste gazte ugari hurbildu dira goizean auzolanarekin laguntzera, eta taldetan banatuta ekin diote etxebizitza atontzeari: batzuek garbiketan, beste batzuek bizilagunekin harremanak eginez…

Udaltzainak berehala etorri dira, ordea, eta Moraza kalea inguratu eta itxi egin dute. Ertzaintzaren laguntzarekin eraikineko kandaua hautsi eta etxebizitzara sartu dira, gazteak bortizki ateratzera. Gazteek salatu dutenez, epailearen agindurik gabe sartu dira etxean, beraz, ilegalki.

Iruzurgileen etxea, kapitalaren hirian

“Juan Ramon Reparaz eta Luis de Miguel bezalako iruzurgile fiskal kondenatu ezagunak” dira etxearen jabeak, gazteek salatu dutenez. Gurtel eta Panama bezalako auzietan korapilatuak daude jabeak, eta, jakinarazi dutenez, gehiengoaren jabe den Reparazek milioika euroko zorra du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin.

Donostiako etxebizitzaren egoera tamalgarria ere salatu dute gazteek. Izan ere, estimazio txikienera jota 6.904 etxe leudeke hutsik, eta bitartean, gazteak etxerik gabe: “Etxe hauen jabetza pertsonen aurretik kokatzen den hiri honetan milaka gazte gara zabor-lanera, kalean bizitzera, inoiz ez emantzipatzera edo osasungarriak ez diren harremanak mantentzera behartuta biziraun dugunok”. Etxebizitzaren alde borrokan jarraitzeko deia egin dute.

 

http://topatu.eus/edukia/donostiaren-bihotzean-okupaturiko-etxea-hutsarazi-du-poliziak

Gaurko desalojoa salatzeko kontzentrazioa 20:00etan Moraza kalean bertan, ZABALDU DEIALDIA! 

Advertisements